2009/11/19

DROGAK, GAZTEAK ETA FAMILIA

Bergarako Udalak argitaratutako artikulo bat da.


DROGAK substantzia ezberdinak dira eta erabiltzeko moduaren arabera, hartzen dugun dosiaren arabera eta norberak droga kontsumo horrek sortuko dizkion efektuez espero duenaren araberako efektuak sortzen ditu pertsonarengan. Batzuek piztu egiten dute, beste batzuek lasaitu edo deprimitu (honek ez du esan nahi triste jartzen dutenik), beste batzuek, aldiz, pertzepzioak eraldatzen dituzte... Baina, guztiek, maiz edo gehiegi kontsumitzen baditugu, tolerantzia edo mendekotasun mailak eragin ditzakete.

Gaur egun badaude droga kontsumitzeko modu eta joera batzuk kezkagarriak direnak: gero eta gazteago hasten dira lehenengo aldiz kontsumitzen, drogen erabilera orokortzen ari da (tabakoa, alkohola, haxixa...), gero eta gutxiago jabetzen dira droga kontsumoaren inguruan egon daitezkeen arriskuez (pertzepzio bajua), polikontsumo egoerak (droga bat baino gehiago kontsumitzen da, droga bakarra kontsumitzen dutenak gero eta gutxiago dira), patologia dualen gehitzea (mendekotasuna eta osasun mental arazoak nahasturik azaltzen diren egoerak)... Ematen ari den joera hau kezkagarria izan arren, ez dugu ahaztu behar drogarik kontsumitzen ez duten edota kontsumo arrazionalak egiten dituzten gazte asko egon badaudela.

Dena den, badago ERREALITATE objektibo bat kezkatzekoa dena, drogak eskuragarri daude eta gehiegizko arriskuak antzematen dira. Jakin badakigu ezinezkoa dela drogak hain eskuragarri ez izatea eta inongo arriskurik gabeko inguruneak sortzea. Pentsa zein kostutan sartuko ginatekeen horiek lortzen saiatuko bagina. Kontsumismoan murgildurik gaude, ezegonkortasun soziala, ekonomikoa, emozionala handia da eta balore krisia handia da, egun "edozer gauzak balio du".

AITAK eta AMAK beldur asko ditugu, noraezean gabiltza, ez dakigu gure seme-alabekin egiten ari garena gehiegizkoa edo gutxiegia den, traumak eta frustrazioak eragiten ari ote garen beldur gara, babestuegiak edo utziak ditugun ez dakigu oso ondo.

Kontraesanez betetako mezuak jasotzen ditugunez, bakoitza berearekin gelditzen da eta, gainera, nork bere ikuspegiaren defentsa sutsua egiten du. Horren adibide ditugu drogak debekatzearen aldeko mezuak eta drogen apologia eta aldarrikapena egiten dutenak. Bestalde elkarren aurrean jartzen dira autoritarismoa eta permitibitatea (norberak nahi duena egin dezala).

Gizarte honen aldarrikapen nagusiak dira "Zu zeu izan", "ez ezberdina izan", "zure printzipioak defendatu" eta "zure interesak lortu ahal izateko edozer gauza egin dezakezu". Datuak behin eta berriz manipulatzen ari dira. Cannabisak dituen erabilera terapeutikoak aitzakiatzat hartuz, substantzia honekin egiten diren kontsumo errekreatiboak edo aisialdiarekin erlazionatutakoak justifikatu nahi dira. Gauza batek ez du zer ikusirik bestearekin, baina berdin dio, denak balio du. Helduek beste argudioren bat erabili beharko lukete, substantzia hori kontsumitzeko duten eskubidea aldarrikatu nahi badute. Pentsa ezazue kokainaren kontsumoa bultzatzeko asmoarekin gabiltzala eta horretarako dentistek anestesiko moduan erabiltzen dutela eta, hori defendatzen hasiko bagina.

Helduok sen ona galdu dugu eta badirudi berez dagokigun erantzukizuna bide bazterrean utzi dugula.

Familiak babes funtzioa duela badakigu, baina hori gure gain hartu beharra daukagu. Babes horrek materiala izan behar du, baina baita emozionala ere, eta nork bere gain hartu behar du eginkizun hori. Gainera, ez dugu ahaztu behar familian hierarkia bat ematen dela eta bere funtzioa seme-alabak heztea dela.

Familiak eraikitzeko moduak anitzak dira eta bakoitzak bere funtzionatzeko modua dauka, gainera batak edo besteak dagokion funtzioa betetzeko gai direla ez dugu ahaztu behar.

Familiako kide bat nerabezaroan sartzen denean, familia osoa bizitza ziklo berri batean sartzen da eta horrek aldaketa sortzen du. Aldaketa guztiek berregituratze berri bat egitea suposatzen dute eta horren atzetik gehienetan krisia sortzen da. Baina hori NATURALA da, gertatzen den horri ez diogu zertan jarri etiketa negatiboa edo positiboa.

Adoleszenteak ingurua hankaz gora jartzen du, lehenik eta behin bere burua eta, ondoren, bere burua ordenatzen joateko ondoko guztiena zilipurdika eta zalantzan jartzen du. Egoera horretan familia sistema guztiek balantzaka egiten dute (gurasoak, anai-arrebak, senideak...). Erraza da aita-ama sistema hori ukitua gelditzea, aldez aurretik bikotearekiko harremana alde batera utzita bagenuen, eta orain semealabak horrek familiaren oreka dardarka jartzen duenean, ondokoarekin batera oreka barregiten saiatu beharko dugu.

Gure funtzioak eta erantzukizunak hezkuntzako profesionalen, familia zabalaren (aiton-amonak, osabaizebak...) eta erakundeen esku uzten ditugu sarri, guri dagozkigun egin beharrak besteek konponduko dituztelakoan. Familia hierarkikoak BEHAR DITUGU, baina mamu-autoritarioaren beldurrik gabekoak. Hierarkia egonagatik maitasuna ez da alde batera uzten, seme-alaba autonomoak izateko ezinbestekoa baita eta malguak izango gara, nor bere buruaren arduradun izateko malgutasuna lagungarria suertatzen delako. Parte hartzea, inplikazioa, komunikazioa, zintzotasuna, askatasuna, arauak eta mugak ezinbestekoak izango dira.

Agian helduon mundutik ESKUBIDEAK aldarrikatzeaz gain (adoleszenteek egiten dutenaren antzera) dagozkigun BETEBEHARRAK ere gure gain hartzen joan beharko ginateke, gure funtzioa gure inguruan ditugun adin txikikoak BABESTEA baita. Baina kontuan izan behar da: babesa esaten dugunean, ez dugu esan nahi protekzionismoa.

HITZ EGITEA, ENTZUTEA, nor bere tokitik eta bere eginkizuna galdu gabe bestearen larruan jartzeko gai izatea. Eta zer esanik ez baloreetan, erantzukizunean eta askatasunean hezteko dugun eginbeharra. Aita-ama izatea ez da erraza, baina dagoeneko ezingo gara kexatu muturraren aurrean baititugu. Gainera, ederra izan daiteke guraso izateari uzten ez badiogu.

Drogak beti egon dira, gaur egun ere hor daude eta etorkizunean ere hor segituko dute. Gure semealabek drogak probatu egingo dituzte, esperimentatu, guk nahi ala ez, nahi badute egin egingo dute. Ahalik eta beranduen bada hobe guztiontzat. Debekatzeak, banalizatzeak, dramatizatzeak, delegatzeak, nahi dutena egiten uzteak...ezer gutxitarako balioko digu.

Erantzukizunak ematea, hizketan aritzea, objektibizatzea, heztea, entzutea, exijitzea... lagungarri suertatuko zaigu. Horrela aritzen bagara erraza izango da gure seme-alabetan fidatzen hastea eta hartuko dituzten erabakiak autonomoak izango direla sinesten hastea. Hau da gure helburua. Gure seme-alabengandik hurbil egon behar dugu, baina ez gainean, gainera, umorea eta sen ona galdu gabe. Badakigu asko dela, baina hasten ez bagara gureak egin du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario